Edukira joan

Orbital atomiko

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Mekanika kuantikoan, orbital atomikoa atomo batean elektroi baten kokapena eta uhin-portaera deskribatzen dituen funtzio bat da[1]. Funtzio horrek elektroiak atomoaren nukleoaren inguruan duen karga-banaketa deskribatzen du, eta nukleoaren inguruko eskualde jakin batean elektroi bat aurkitzeko probabilitatea kalkulatzeko erabil daiteke[2].

Atomo bateko orbital bakoitza hiru zenbaki kuantikoren balio multzo batek ezaugarritzen du: n, ℓ eta mℓ. Hurrenez hurren, elektroiaren energiari, haren momentu angeluar orbitalari eta aukeratutako ardatz batean proiektatutako momentu angeluar orbitalari dagozkie. Ondo definitutako zenbaki kuantiko magnetikoa duten orbitalak, oro har, balio konplexukoak dira. Balio errealeko orbitalak mℓ eta −mℓ orbitalen konbinazio lineal gisa sor daitezke, eta askotan haien egitura angeluarra deskribatzen duten polinomio harmoniko elkartuen bidez etiketatzen dira (adibidez, xy, x2−y2).

Teorien garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspuntu klasikoan, elektroiek nukleo atomikoaren inguruan betetzen zuten orbita eta planetek Eguzkiaren inguruan egiten zutena (edo, zehatzago izateko, sitsek lanpara baten inguruan egiten dituzten mugimendu azkarrak) antzekoak zirela uste zen.

From back to front and from left to right : Auguste Piccard, Émile Henriot, Paul Ehrenfest, Édouard Herzen, Théophile de Donder, Erwin Schrödinger, Jules-Émile Verschaffelt, Wolfgang Pauli, Werner Heisenberg, Ralph Howard Fowler, Léon Brillouin, Peter Debye, Martin Knudsen, William Lawrence Bragg, Hendrik Anthony Kramers, Paul Dirac, Arthur Compton, Louis de Broglie, Max Born, Niels Bohr, Irving Langmuir, Max Planck, Marie Skłodowska Curie, Hendrik Lorentz, Albert Einstein, Paul Langevin, Charles-Eugène Guye, Charles Thomson Rees Wilson, Owen Willans Richardson
From back to front and from left to right :  Auguste Piccard, Émile Henriot, Paul Ehrenfest, Édouard Herzen, Théophile de Donder, Erwin Schrödinger, Jules-Émile Verschaffelt, Wolfgang Pauli, Werner Heisenberg, Ralph Howard Fowler, Léon Brillouin,  Peter Debye, Martin Knudsen, William Lawrence Bragg, Hendrik Anthony Kramers, Paul Dirac, Arthur Compton, Louis de Broglie, Max Born, Niels Bohr,  Irving Langmuir, Max Planck, Marie Skłodowska Curie, Hendrik Lorentz, Albert Einstein, Paul Langevin, Charles-Eugène Guye, Charles Thomson Rees Wilson, Owen Willans Richardson

Mekanika kuantikoaren garapenerako pizgarri nagusietako bat elektroiek atomoaren inguruan daukaten portaera azaltzea izan zen. Mekanika kuantikoan orbital atomikoak espazioaren araberako uhin-funtzio eran deskribatzen dira. Elektroiak ezin direnez partikula solido gisa deskribatu (planeta bat edo sits bat den bezala), analogia zehatzago bat egiteko, elektroia planeta txiki baten inguruan (alegia, nukleo atomikoaren inguruan) dagoen atmosfera erraldoi gisa azal daiteke. Hori dela-eta, fenomeno hau adierazteko "orbita" hitza baztertu eta "orbital" hitza hobetsi zen.

Bohrek Rutherforden atomo nuklearraren ideia fisika kuantikoarekin lotu zuen. Horrela, 1913an, egitura atomikoari buruzko hipotesi bat formulatu zuen, Bohrren eredu atomikoa garatuz. Hipotesi horren arabera, elektroia orbita kopuru jakin batean baino ezin da biratu, orbita horietako bakoitzean elektroiek energia jakin bat dute lotuta, eta atomoak energia igortzen edo xurgatzen du elektroi batek orbita batetik bestera salto egiten duenean bakarrik.

Heisenberg-en ziurgabetasun printzipioari kontuan izanik,1927an, Erwin Schrödingerrek ekuazio matematiko bat ezarri zuen, orbital izeneko uhin-funtzio bat lortzeko. Honek probabilitatez deskribatzen du elektroi batek atomoan duen portaera. Funtzio horri dentsitate elektronikoa deitzen zaio eta nukleotik gertu elektroi bat aurkitzeko probabilitatea adierazten du.

Orbitalen izenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orbitalen izenak (s, p, d, f, g, h...) beren linea espektroskopikoen ezaugarrietatik abiatuta erabaki dira: sharp (ingelesez: zorrotz), principal (nagusia), diffuse (lauso) eta fundamental (oinarrizko). Gainerakoen izenak sortzeko ordena alfabetikoa jarraitu da.

Orbitalek ondokoa bezalako izenak dauzkate:

Elektroien orbital atomiko eta molekularrak
Xmotay 

X da n kuantu-zenbaki nagusiari dagokion energia-maila, mota orbitaren itxura edo azpigeruza adierazten duen eta l kuantu-zenbaki angularrari dagokion hizki xehe bat da, eta y orbital horrek daukan elektroi-kopurua da.

Esaterako, 1s2 orbitalak bi elektroi dauzka, energia-maila baxuena da (n = 1) eta bere kuantu-zenbaki angularra l = 0 da. Zenbait kasutan, kuantu-zenbaki nagusiari beste hizki bat esleitzen zaio. n = 1, 2, 3, 4, 5... denean, zenbaki horiei loturiko hizkiak K, L, M, N, O... dira, hurrenez hurren.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ (Ingelesez) «Atomic Orbital Theory» The Vocabulary and Concepts of Organic Chemistry (John Wiley & Sons, Ltd): 1–24. 2005  doi:10.1002/0471713740.ch1. ISBN 978-0-471-71374-6. (kontsulta data: 2026-10-13).
  2. ↑ Daintith, John, ed. (2004). A dictionary of chemistry. (5th ed. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 978-0-19-860918-6. (kontsulta data: 2026-10-13).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]