Belarri-konpentsazio maniobra
| Belarri-konpentsazio maniobra | |
|---|---|
| Deskribapena | |
| Mota | equilibration (en) teknika |
| Identifikatzaileak | |
Belarri-konpentsazio maniobrak buruko barrunbeen eta ingurumeneko airearen presioa orekatzeko erabiltzen dira. Nagusiki urpekaritzan eta abiazioan erabiltzen dira; halere, erabilgarriak dira baita ere parakaidismoan, lurpeko barrunbeetarako jaitsiera bizkorretan (meatzeak...), zimendu-kaxetan lan egitean edo altuera handiko mendateak kotxez zeharkatzean.[1]
Neumatika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingurumenean presioa handitzen denean, gorputzak biriketan dagoen airea erabiltzen du gure organismoko barrunbe guztiak betetzeko, kanpoko presio berdinean. Hau gorputz osoko barrunbeetan espontaneoki gertatzen da, salbu eta erdiko belarrian. Izan ere trakeak, laringeak eta sinuek arnas aparatuarekin lotura zuzena badute ere, erdiko belarrian Eustakioren tronparen kolapsoa gertatzen da, berdinketa hori eragotziz. Egoera horretan, presio diferentzialak tinpanoa barruraka behartzen du, inplosio arriskuarekin. Horrek ekarriko luken mina eta urradura ekiditeko, nahikoa da Eustakioren tronpa kolapsatua irekitzea, belarri-konpentsazio maniobra bat eginez.
Alderantzizko kasuan (hiperpresio egoeratik hipopresiora pasatzean) hau ez da gertatzen, barrunbeetako presioa (erdiko belarriarena barne) berez berdintzen baita, inolako maniobra berezirik egin gabe.
Eustakioren tronpak ez dira osoki egituratzen haurrak 7 eta 8 urte bete arte. Adin horren aurretik, beraz, zaila izaten da belarria modu egokian konpentsatzea.
Presioaren konpentsazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Belarri-konpentsazio maniobrekin erdiko belarrian airea sartzea bilatzen da, Eustakioren tronpen bidez. Erabiliena Valsalvaren maniobra da; kontuz erabili behar dena, traumatiko xamarra baita tinpanoentzat. Maniobra murgiltzearekin batera egin behar da (belarriko mina etorri arte itxaron gabe alegia), behar den beste bider errepikatuz. Ur azalera ateratzean, berriz, ez da inolako maniobrarik egin behar izaten: Eustakioren tronpak berez irekitzen dira, aireari irteten lagata.
Lehorrean (presio-aldaketa bortitzik ez bada), maniobra hori ez da beharrezkoa izaten, Eustakioren tronpak minutu bat edo bitik behin irekitzen baitira, bizitza normaleko mugimenduekin.
Belarri-konpentsazio maniobra motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eustakioren tronpa irekiarazteko maniobra mota ezberdinak daude:
- Valsalvaren maniobra: sudur itxiaren kontra zintz egitean datza. Egiteko errazena denez, ikasleei horixe erakusten zaie hasieran. Baina tinpanoarentzat traumatikoena ere badenez, hiperpresio egoeretan sarri egoten diren pertsonek laster baztertu ohi dute, beste maniobra seguruagoekin ordezkatuz.
- Frenzelen maniobra (Marcante-Odaglia izenez ere ezaguna[2]): mihia ahosabaiaren goiko eta atzeko aldean kokatuz egiten da, sudurra atzamarrekin itxia dugula, "P", "T" edo "K" soinua ahoskatuz. Horrela, mihia pistoi gisa erabiltzen da aho-barrunbean dagoen airea konprimituz, eta gainpresio honekin Eustakioren tronpak irekiz.
- Frenzel-Fattah maniobra: "Mouthfill" ere deitua, aurrekoaren extentsioa da, non ahoa airez betetzen den maniobra indartsuagoa egiteko.[3]
- Toynbee-ren maniobra: listua irenstean datza, sudurra eta ahoa itxiak ditugula.
- Borondatezko hodi-hustuketa (BTV, béance tubaire volontaire): Maniobra honetan, Eustakioren tronpak tensor tympani edo tensor veli palatini muskuluak kizkurtuz irekitzen dira. Hau aharrausi baten mugimendua eginez lortzen da, baraila ia itxita dagoela.
Presioarekin lotutako arazoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zorabio alterno-barikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urpeko arrantzan sarri gertatzen da. Murgiltzean, konpentsazio maniobra ez bada modu simetrikoan egin, kanal erdizirkularrek garunari emandako informazioan desoreka egoten da, bertigoa eraginez. Ur ez oso sakonetan gertatzen da maiz, presio aldaketa bortitzengatik. Berez larria ez bada ere, ingurune arriskutsu batean gertatzen denean edo biktima izutzen bada, itotzeko arriskua dago.
Barotraumatismoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Presioa ez bada konpentsatzen, belarrietako mina eta akufenoak sor daitezke.
Konpentsazio maniobra presio gehiegirekin egin ezkero, "pistoi-kolpe" efektuak erdiko eta barruko belarrien artean dauden leiho biribil eta obalatu izeneko mintz txikiak traumatizatzen ditu. Horrelakoetan tinnitus eta bestelako entzumen arazoak sortzen dira.
Tinpanoaren traumatismoen ondorioz otitis barotraumatikoa gerta daiteke. Kasu arinetan hantura sinplea baino ez da gertatzen, eta larriagoetan tinpanoa zulatzeraino irits daiteke.
Gasodinamika arazoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arazo mekanikoez gain, presio aldaketek gorputzean dauden materien egoera aldatzea ekar dezakete, nitrogenoa likidotik gasera pasatuz eta deskonpresio-sindromea eraginez.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Brubakk, Alf O., ed. (2007). Bennett and Elliott's physiology and medicine of diving. (5th ed., repr. argitaraldia) Saunders ISBN 978-0-7020-2571-6. (kontsulta data: 2024-12-14).
- ↑ Caparrós, F. D.. (2007-12-11). «Medidas generales de prevención de accidentes hipobáricos-hiperbáricos en la esfera otorrinolaringológica» Acta otorrinolaringológica española (kontsulta data: 2024-12-15).
- ↑ (Ingelesez) DuPuis, Fabrice Bonello. (2022-12-05). «Mouthfill Equalization technique for freediving. The ultimate guide» Deep Med (kontsulta data: 2024-12-14).