Edukira joan

Armenia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Armeniako Errepublika
Հայաստանի Հանրապետություն
Hayastani Hanrapetut'yun
Ereserkia: Mer Hayrenik
Goiburua: Մեկ Ազգ, Մեկ Մշակույթ Mek Azg, Mek Mshakuyt (Nazio bat, kultura bat)

Armeniako bandera

Armeniako armarria
Geografia
HiriburuaErevan
40°10′53″N 44°30′52″E
Azalera29.743 kilometro koadro[oh 1]
Punturik altuenaAragats
Punturik sakonenaDebet ibaia (400 m)
KontinenteaAsia
MugakideakIran, Turkia, Azerbaijan eta Georgia
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika, Estatu unitario eta sistema parlamentario
Armeniako presidenteaVahagn Khatxaturian
Armeniako Lehen MinistroaNikol Paxinian
LegebiltzarraArmeniako Biltzar Nazionala
Epai autoritateaArmeniako Auzitegi Konstituzionala
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria2.930.450
Dentsitatea98,52 bizt/km²
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Erlijioakristautasun
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa1,531 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak37.720 (2007)
Alfabetizazioa% 100 (2011)
Bizi-itxaropena74,618 (2016)
Giniren koefizientea25,2 (2020)
Giza garapen indizea0,759 (2021)
Ekonomia
BPG nominala11.536.590.635,827 $ (2017)
BPG per capita3.936 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa28.331.471.460 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn9.667,959 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkunde erreala0,2 % (2016)
Erreserbak2.314.113.951 $ (2017)
Inflazioa−1,1 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1991ko irailaren 23a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+374
ISO 3166-1 alpha-2AM
ISO 3166-1 alpha-3ARM
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 50 Hz.europar loki eta Schuko
Internet domeinua.am eta .հայ
e-gov.am

Armenia[1] (armenieraz: Հայաստան, Hayastan), ofizialki Armeniako Errepublika (armenieraz: Հայաստանի Հանրապետություն, Hayastani Hanrapetut’yun), hego-mendebaldeko Asiako estatu itsasgabea da, hegoaldeko Kaukasian dagoena. 1991 arte sobietar errepublika federatua izan zen. Mugakide ditu Turkia mendebaldean, Georgia iparraldean, Azerbaijan ekialdean, eta Iran eta Azerbaijango Nakhitxevan eskualde autonomoa hegoaldean. 29.743 kilometro koadroko eremua du,[2] eta 2011n 3.018.854 biztanle zituen.[2]

Hiriburua Erevan da (1.091.234 biztanle) eta hizkuntza nagusia armeniera da.

Nahiz eta Asian kokatua egon, autore ugarik kulturaz, historiaz eta politikaz Europako zatitzat hartzen dute.[3][4] Nazioarteko 45 erakundeko kide da, hala nola NBE, Europako Kontseilua eta Estatu Burujabeen Erkidegoa. Frankofoniaren Nazioarteko Elkarteko kide ere bada.[5]

Ondare historiko aberatsekoa, munduko zibilizazio zaharrenetakoa da. Konstituzioaren arabera estatu sekularra den arren, kristautasunak garrantzi handia izan du Armenian, estatu-erlijio izendatu zuen munduko lehen estatua izan baitzen 301ean.[6]

Armeniako mapa topografikoa.

Armenia hegoaldeko Kaukasian dago, Armeniar goi-ordokiaren ipar-ekialdean, Iran eta Asia Txikiko goi-ordokien, Itsaso Beltza eta Transkaukasia eta Mesopotamiako ordokien artean.

Mendebaldean eta hego-mendebaldean Turkiarekin du muga, Georgiarekin iparraldean, Azerbaijanekin ekialdean, eta Iranekin eta Azerbaijanen kanpo-lurralde Nakhitxevanekin hegoaldean.

Oso herrialde menditsua da: batez besteko garaiera 1.800 metrokoa da, eta 1.000 eta 2.500 metro arteko garaieran dago lurraldearen % 76,5. Mendiguneek lurraldearen % 47 hartzen dute, eta goi-ordokiek herena. Aragats (4.095 metro), Kaputiugh (3.904 metro), Azhdahak (3.598 metro) eta Spitaksar (3.555 metro) dira gailurrik garaienak[7]. Sumendiak ugariak dira, hala nola, Aragats eta Porak (2.800 metro). Debed ibaiaren arroila da punturik beherena.

Herrialde osoa Kuraren arroan dago, ibai hori Armenian sartzen ez bada ere. Aras da ibai nagusia, Armenia eta Iranen arteko muga egiten duena. Haren ibaiadar handienak Akhurian, Hrazdan eta Vorotan dira. Iparraldeko ibai batzuk, hala nola, Debed eta Aghstev, zuzen isurtzen dira Kurara[8]. Aitzirarik handiena Sevan da, 1.262,2 kilometro koadroko eremua duena.

Klima lehorra eta kontinentala da. Tenperaturak altueraren araberakoak dira. Mediterraneoaren eta Itsaso Beltzaren eragina ez da oso handia, mendiek oztopatzen baitute. Horregatik urtaroen araberako ezberdintasun handiak daude. Armeniako goi-ordokian neguko batez besteko tenperatura 0°Ckoa da eta udakoa 25 °Ckoa. Hala ere goi-ordokiaren lur bolkanikoak uztak jasotzeko ona egiten du lurra.

Biodibertsitatea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armeniak biodibertsitate aberatsa du, neurri handi batean herrialdearen erliebe menditsuari, altitude-alde handiei eta eskualde biogeografiko desberdinen arteko kokapenari esker. Lurralde txikia izan arren, paisaia eta ekosistema ugari ditu, eremu erdi-basamortuetatik baso eta larre alpinoetaraino.

Armenia Kaukasoko biodibertsitate-gunean dago. Eskualdea munduko biodibertsitate-gune nagusietako bat da, espezie-aniztasun eta endemismo handia duelako eta habitat naturalek mehatxu handiak jasan dituztelako.[9]

Herrialdeko landaredia aldatu egiten da altitudearen eta klimaren arabera. Eremu baxu eta lehorretan estepa eta landaredi erdi-basamortutarra nagusitzen dira; altitude ertainetan basoak daude, eta eremu garaietan larre subalpino eta alpinoak.

Armeniako basoetan haritzak, pagoak eta xarmak dira zuhaitz arruntenetako batzuk. Baso-eremu nagusiak herrialdearen ipar-ekialdean eta hego-ekialdean daude.

Fauna ere askotarikoa da. Ugaztunen artean daude hartz arrea, otsoa, katamotza eta basahuntz mota batzuk. Persiar lehoinabarra herrialdeko espezie mehatxatuenetako bat da, eta batez ere Armeniako hegoaldeko mendialdeetan bizi da.[10]

Sevan aintzirak eta haren inguruko hezeguneek garrantzi handia dute uretako eta hegazti migratzaileen habitat gisa. Aintzirako espezie ezagunenetako bat Salmo ischchan izokinkidea da, Sevan aintzirako espezie endemikoa.

Ingurumena eta natura babestea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dilijan Parke Nazionala.

Armeniako natura babesteko sistemak parke nazionalak, natura-erreserbak eta bestelako eremu babestuak hartzen ditu. Parke nazionalen artean daude Sevan Parke Nazionala, Dilijan Parke Nazionala, Arpi aintzirako Parke Nazionala eta Arevik Parke Nazionala.

Khosrov Basoko Erreserba herrialdeko eremu babestu zaharrenetako eta garrantzitsuenetako bat da. Armeniako hego-mendebaldean dago eta baso, estepa eta eremu erdi-basamortuetako ekosistemak babesten ditu. Eremuak garrantzi berezia du Kaukasoko fauna mehatxatuarentzat, tartean persiar lehoinabarrarentzat.

Armeniako ingurumen-arazo nagusien artean daude baso-galera, habitat naturalen degradazioa, meatzaritzaren ondorioak, ur-baliabideen kudeaketa eta Sevan aintziraren egoera ekologikoa.

Sevan aintzirak garrantzi ekologiko, ekonomiko eta kulturala du Armenian, eta herrialdeko ur gezako erreserba nagusia da. Sobietar garaian aintzirako ura eskala handian erabili zen ureztatzeko eta energia hidroelektrikoa sortzeko, eta horrek ur-mailaren beherakada handia eragin zuen. Ondoren, aintziraren maila berreskuratzeko eta ekosistema babesteko hainbat proiektu egin dira.[11]

Meatzaritzak ere eztabaida sortu du ingurumenaren babesaren eta garapen ekonomikoaren artean. Urrearen, kobrearen eta molibdenoaren ustiapenak garrantzi ekonomikoa du, baina zenbait proiektuk uraren kutsadurari, hondakinei eta ekosistemen kontserbazioari buruzko kezka eragin dute.

Klima-aldaketak Armeniako ur-baliabideetan, nekazaritzan eta ekosistemetan eragina izatea espero da. Munduko Bankuaren arabera, herrialdea bereziki kaltebera da tenperaturaren igoeraren, lehorteen eta muturreko fenomeno klimatikoen aurrean.[12]

Sakontzeko, irakurri: «Urartu»
Armeniako Erreinuaren hedadurarik handiena, Tigranes Handiaren agintaldian (K.a. 95-66 artean).

Lehen Armenia Van aintziraren inguruan egituratu zen K.a. XIII. mende aldera. Asiriarren erasoak jasan ondoren, herri indoeuropar batek inbaditu zuen K.a. VII. mendean. Bertako biztanleriarekin elkartu eta egungo herri armeniarra osatu zuten. Estatu berria mediar, persiar eta mazedoniarren esku egon zen. Seleukotar errege Antioko III.aren agintaldian bi zatitan banatu zen: Armenia Handia eta Armenia Txikia.

Erromatarren konkistak batasuna itzuli zien armeniarrei, Inperio barruko probintzia nahiz erreinu izan baitzen. Tiridate III.aren erreinaldian (294-324), Armenia kristautu egin zen; Gregorio I.a Argi-egilea izan zen lehen apezpikua. 636. urtean arabiarrek konkistatu eta nolabaiteko autonomia gorde bazuten ere, bizantziar eta turkiar seljukidarren arteko guduen ondorioz, XI. mendean, biztanleriaren zati batek erbestera jo eta Krimea, Galitzia eta Ziliziako lurraldeetan Armenia Txikia izeneko estatua sortu zuten (1080). Gurutzadetan parte hartu zuen Armeniak.

XVI. mendean, turkiarrek eta persiarrek erdibanatu zuten Armenia. Turkiarrak mendebaldean egokitu ziren eta irandarrak ekialdean. XIX. mendean, errusiarrek Erevan lurraldea hartu zuten (1828), baina Erzerum aldeak turkiarren esku iraun zuen. Turkiarrek izugarrizko zapalkuntza eta sarraskiak bideratu zituzten armeniar abertzaleen aurka (1894-1896 eta 1915-1916 urteetan nagusiki).

Armeniar genozidioaren biktimak.

Lehen Mundu Gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi milioi armeniar hil zituzten Lehen Mundu Gerran eta bizirik geratu zirenek Turkiak hartutako herria utzi eta erbestera jo behar izan zuten, Armenia sobietarrera nagusiki. Sèvresko Itunean Armeniako estatu burujabea eraiki zedin onartu bazen ere, bertako erabaki guztiak ez ziren indarrean jarri. Mustafa Kemal turkiarraren gudarosteek Kars eta Ardahan hartu zituzten bitartean, boltxebikeek, Mikoian buru, Armeniako errepublika sobietarra aldarrikatu zuten, Erevan lurraldean.

Sobietar osteko independentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Karabakh Garaiko gerrako irudiak.

Sobietar Batasunak perestroika politika abian jarri zuenean, indar handiz nabarmentzen hasi ziren bertako errepublikek lurraldetasunari, hizkuntzari, burujabetasunari eta abarri buruz egiten zituzten eskakizunak. Horrela, 1991. urtean, armeniarrek Sobietar Batasunetik aldentzeko erabakia hartu zuten hauteskundeetan, eta Armenia estatu burujabe eta independente bihurtu zen; Levon Ter-Petrosian izan zen errepublikako lehenengo presidentea. Urte hartan bertan Estatu Burujabeen Batasunean sartu zen, eta 1992an Nazio Batuetako kide egin zen.

Dena dela, independentzia ondoko urteetan arazo asko izan ditu Armeniak. Batetik 1988ko lurrikararen kalteei aurre egin behar zien gobernuak (55.000 lagun hil ziren), eta bestetik 1988an Armenia Azerbaijanekin gerran sartu zen Nagorno-Karabakh lurralde armeniarrak Armeniarekin bat egin nahi zuela eta (biztanleen % 80 armeniarrak ziren). Sobietar Batasunak Nagorno-Karabakheko armeniarren eskakizunak 1989an onartu zituen arren, ez zen konpondu gatazka. Arazo horiek guztiak zirela eta, gobernuaren aurreko oposizioak indar handia hartu zuen. Oposizioko alderdi nagusietako bat Armeniako Federazio Iraultzailea (Dashnakutisun) izan da, Nagorno-Karabakheko gudaroste armeniarrean eragin handia duen alderdia; ez zituen onartu Armeniako gobernuak antolaturiko berrikuntza ekonomikoak, eta Errusiarekiko lotura estuagoa eskatzen zuen. Talde haren eta oposizioko beste batzuen eraginez, dimisioa eman behar izan zuen Kosrov Arutiunian lehen ministroak, eta Grant Bagratian izendatu zuten behin-behineko lehen ministro 1993an.

Urte hartan bertan Armeniak Azerbaijango gudarostea garaitu zuen eta Nagorno-Karabakh eta inguruko lurraldeen gaineko kontrola eskuratu zuen, baina Azerbaijanek energia blokeoa ezarri zion Armeniari eta horrek oso ondorio kaltegarriak izan zituen bertako ekonomian, Armeniak ez baitu lehengai aski. 1994an su-etena izenpetu zuten bi herriek eta Armeniako ekonomiak gora egin zuen —energia blokeoak bere hartan iraun bazuen ere—, baina egoera politikoa oso kaskarra zen. Oposizio nazionalista erradikalak ez zuen onartu konstituzio berriaren sorburu izan zen erreforma politikoen prozesua, presidentearen ahalak areagotzen zituelako konstituzio hark, eta ez zuen onartu, halaber, 1995eko hauteskundeetan aginpidean zegoen alderdiaren garaipena (MNA); nazioarteko behatzaileek ere salatu zituzten hauteskunde haietako nahasmendua eta gorabeherak.

1996ko hauteskundeetan, dena dela, Ter-Petrosianek botoen % 52 lortu zuen eta bera atera zen berriro lehendakari. Ordu arteko norabide politiko beretik segitu zuen harrezkero: liberalizazio ekonomikoaren barruan, enpresak pribatizatzea, oposizioari gogor aurre egitea (Dashnakutisun alderdia debekatu zuen), Iranekin eta Errusiarekin harremanak sendotzea, eta Nagorno-Karabakheko gatazka amaigabeari elkarrizketa bidezko irtenbidea bilatzea. Ter-Petrosian lehendakariaren neurrien kontra agertu ziren gobernuko zenbait kide, eta azkenik 1998an Azerbaijanekiko hitzarmen bat proposatu zuelarik, dimisioa ematera behartu zuten.

1998ko martxoan, ordu arte lehen ministro izandako Robert Kotxarian izendatu zuten estatuburu eta presidente eta Armen Darbiniam, gobernuburu; alderdi komunistak indar handia izan arren, presidentea ez zen alderdi horretakoa eta joera nazionalistako gobernua eratu zen. Bestalde, eta arazo nagusiak Nagorno-Karabakh lurraldearen gerrak ekarri badizkio ere, aipagarriak dira Turkiarekin izandako arazoak, PKK (Langile Kurduen Alderdia) babestu izanaz Turkiako gobernuak Armenia salatu baitu.

2018ko Armeniako Iraultza gobernuaren aurkako protesta-sail bat izan zen, apiriletik maiatzera bitartean. Hainbat talde politiko eta zibilek antolatu zituzten protestak, Nikol Pashinyan parlamentuko kidea eta Kontratu Zibila alderdiko burua buru zutela. Hasieran, protestak Serzh Sargsyanek boterean jarraitzearen aurka egin ziren, eta gero, oro har, Armeniako Alderdi Errepublikanoak kontrolatutako gobernuaren aurka. Sargsyanek dimisioa eman zuen, eta Pashinyanek «Iraultza Belusatua» deitu zion mugimenduari.[13]

2018ko martxoan, Armeniako Parlamentuak Armen Sarkissian hautatu zuen presidente. Erreforma konstituzionalaren ondorioz presidentearen boterea murriztu eta lehen ministroarena handitu zen. Maiatzean, Parlamentuak Nikol Pashinyan oposizioko burua hautatu zuen lehen ministro, Sargsyanek dimisioa eman eta bi astera.[14]

2020ko irailaren 27an gerra hasi zen berriro, konpondu gabeko Karabakh Garaiko gatazkaren ondorioz. Armeniako zein Azerbaijango indar armatuek hildako militarren eta zibilen berri eman zuten.[15] Sei asteko gerrari amaiera emateko su-eten akordioa egin zen azaroan.

2021eko ekainaren 20an Pashinyanen Kontratu Zibila alderdiak hauteskunde parlamentario aurreratuak irabazi zituen. Pashinyan lehen ministro izendatu zuten berriro. 2022ko urtarrilean Armen Sarkissian presidenteak dimisioa eman zuen, Konstituzioak presidenteari behar adinako botererik eta eraginik ematen ez ziola argudiatuta. 2022ko martxoaren 3an Vahagn Khachaturyan Armeniako bosgarren presidente hautatu zuten Parlamentuko bozketaren bigarren itzulian.

2023ko Azerbaijango erasoa Karabakh Garaian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2023ko irailaren 19tik 20ra, Azerbaijanek eskala handiko eraso militarra egin zuen Artsakh bere burua aldarrikatutako estatu separatistaren aurka; Europako Parlamentuaren arabera, ekintza horrek 2020ko su-eten akordioa urratu zuen.[16] Erasoa Karabakh Garaiko eskualde gatazkatsuan gertatu zen; nazioartean Azerbaijango lurraldetzat aitortua da, baina biztanleria armeniarra zuen.[17] Erasoa Azerbaijanek Artsakh blokeatu ondoren sortutako krisia areagotzen ari zen unean gertatu zen; horrek elikagaien, sendagaien eta bestelako oinarrizko ondasunen gabezia handiak eragin zituen eskualdean.[18]

Erasoa hasi eta egun batera, irailaren 20an, su-eten akordioa lortu zen Karabakh Garaian zeuden Errusiako bake-indarren bitartekaritzarekin.[19] Azerbaijanek bilera egin zuen Karabakh Garaiko armeniarren ordezkariekin irailaren 21ean Yevlakhen.[20]

Giza eskubideen aldeko zenbait erakundek eta genozidioaren prebentzioan adituak ziren hainbat pertsonak ohartarazi zuten eskualdeko biztanleria armeniarra garbiketa etnikoa edo genozidioa jasateko arriskuan zegoela. Luis Moreno Ocampo Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal ohiak beste armeniar genozidio bat gertatzeko arriskuaz ohartarazi zuen.[21]

2025eko abuztuaren 8an, Nikol Pashinyan Armeniako lehen ministroak eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidenteak adierazpen bateratua sinatu zuten Etxe Zurian. Bi aldeek bake-akordio bat lortzeko konpromisoa hartu zuten, Estatu Batuetako administrazioaren bitartekaritzarekin, bi herrialdeen arteko ia lau hamarkadako gatazkari amaiera emateko asmoz.[22]

Gobernua eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu burua errepublikako presidentea da eta sufragio unibertsal bitartez hautatua izaten da. Nazio Asanblada (Azgayin Zhoghov) organo legegile gorena da. 1990ean lehen hauteskunde legegileak egin ziren eta 1991ean hautatu zen lehen presidentea. Azken horrek lehen ministroa izendatzen du, eta hark hautatzen ditu ministroak. 1995ean onartu zen gaur egun indarrean dagoen konstituzioa. Armenia Estatu Independenteen Erkidegoko kidea da.

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Armeniaren banaketa administratiboa»

Armenia administratiboki honako 10 probintzia eta estatus bereziko hiri batean banatzen da:

Probintzia Hiriburua Azalera (km²) Biztanleria †
AragatsotnԱրագածոտն AxtarakԱշտարակ 2.756 132.925
AraratԱրարատ ArtaxatԱրտաշատ 2.090 260.367
ArmavirԱրմավիր ArmavirԱրմավիր 1.242 265.770
Gegharkunik  Գեղարքունիք   GavarԳավառ 5.349 235.075
KotaikԿոտայք HrazdanՀրազդան 2.086 254.397
LoriԼոռի VanadzorՎանաձոր 3.799 235.537
XirakՇիրակ GiumriԳյումրի 2.680 251.941
SiunikՍյունիք KapanԿապան 4.506 141.771
TavuxՏավուշ IjevanԻջևան 2.704 128.609
Vajots DzorՎայոց Ձոր Jeghegnadzor  Եղեգնաձոր   2.308 52.324
ErevanԵրևան –– 223 1.060.138

† 2011eko errolda
Iturriak: Probintzien azalera eta biztanleria.[23]

Atzerriko harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harreman tirabiratsuak ditu Turkiarekin, Turkiako Gobernuak ukatu egiten baitu armeniar genozidioan izan zuen erantzukizuna. Turkia izan zen 1991n Armeniaren independentzia onartu zuten lehen estatuetako bat, baina 1993an mugak itxi zituen, Nagorno-Karabakheko gerra arrazoitzat aipatuta, eta geroztik blokeoa mantendu du, nahiz eta Turkiako enpresaburuek Armeniako merkatuan sartu ahal izateko presioa egiten duten.[24]

Armeniar diaspora munduan zehar

2016an Armeniak 3.051.250 biztanle zituen[2], 102,6 biztanle kilometro karratuko dentsitatearekin. Biztanleen % 62,7 bizi da hiriguneetan[2]; beraz, inguru hartako herrialdeetako urbanizazio maila gorena du. Adinari dagokionez, berriz, biztanleria honela banatuta dago: 0-14 urte bitartekoak, % 19; 15-24 urte bitartekoak, % 13,6; 25-54 urte bitartekoak, % 43,4; 55-64 urte bitartekoak, % 13; eta 65 urtetik gorakoak, %11[2]. Bizi itxaropena 74,6 urtekoa da: gizonezkoena, 71,4 urtekoa eta emakumezkoena, 78,3 urtekoa (2016ko zenbatespena)[2].

Banaketa etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etniei dagokienez, biztanleria oso homogeneoa da, armeniarrak baitira biztanleen % 97 baino gehiago. Proportzio hori igo egin da, gainera, azken urteetan, Azerbaijango Karabakh Garaia eskualde armeniarraren burujabetasuna zela-eta, Armeniaren eta Azerbaijanen artean piztu zen gerraren ondoren; izan ere, gerraren eraginez, Azerbaijango armeniarrak itzuli egin ziren eta Armeniako azerbaijandarrek ihes egin zuten. Armeniarrez gainera yezidiak (% 1,3) eta errusiarrak (% 0,5) dira Armeniako hurrengo gizatalde nagusiak, baina biztanleria osoaren % 1,5 bakarrik hartzen dute. Bestalde, Armenian bizi diren armeniarrez gainera, beste 8 bat milioi armeniar daude (Armeniakoak bertakoak baino gehiago), Sobietar Batasun ohian, Estatu Batuetan eta beste hainbat herrialdetan sakabanaturik. Karabakh Garaia eskualdean gehiengoa dira.

Khor Virap monasterioa, VII. mendea

Armeniar diaspora

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Armeniar diasporaren mapa.

Armeniar diasporak Armeniatik eta historikoki armeniarrek bizi izandako lurraldeetatik kanpo bizi diren armeniar komunitateak biltzen ditu. Diasporak garrantzi berezia du armeniar herriaren historian eta gaur egungo Armeniaren gizarte-, kultura- eta ekonomia-harremanetan.

Armeniarren emigrazioak historia luzea badu ere, gaur egungo diasporaren zati handi bat Armeniar genozidioaren ondorioz sortu zen. Otomandar Inperioko armeniar biztanleriaren hilketek eta deportazioek bizirik atera ziren ehunka mila armeniar Ekialde Hurbilera, Europara eta Ameriketara sakabanatzea eragin zuten.

XX. mendean armeniar komunitate handiak finkatu ziren, besteak beste, Errusian, Ameriketako Estatu Batuetan, Frantzian, Georgian, Iranen, Libanon, Argentinan eta beste hainbat herrialdetan.

Sobietar Batasuna desegin ondoren beste emigrazio-bolada handi bat gertatu zen. 1990eko hamarkadako krisi ekonomikoak, langabeziak eta Karabakh Garaiko gatazkarekin lotutako egoerak Armeniako biztanle ugari atzerrira joatea eragin zuten, bereziki Errusiara.

Diasporako komunitateek beren kultura-identitatea mantentzeko erakunde-sare zabala garatu dute, besteak beste elizak, eskolak, kultura-elkarteak, komunikabideak eta ongintza-erakundeak. Armeniar Eliza Apostolikoa diasporako komunitate askoren erakunde nagusietako bat izan da historikoki.

Diasporak harreman ekonomiko estuak ere baditu Armeniarekin. Atzerrian bizi diren armeniarrek egindako diru-transferentziek eta inbertsioek eragin handia izan dute Armeniako ekonomian, eta diasporako erakundeek garapen-, hezkuntza- eta kultura-proiektu ugari finantzatu dituzte.

Armeniako Estatuak diasporarekiko harremanak instituzionalizatu ditu. Gaur egun Diasporako Gaietarako Goi Komisarioaren Bulegoak koordinatzen ditu Armeniaren eta munduko armeniar komunitateen arteko harremanak.[28]


Armeniera da herrialdearen hizkuntza ofizial bakarra. Indoeuropar hizkuntzen kidea da eta hizkuntza sendi honen barruan adar berezia osatzen du. Bi dialekto multzo ditu: ekialdekoa eta mendebaldekoa. Armeniar alfabetoaz idazten da.

Yezidiak kurdueraz mintzatzen dira.

Biztanle gehienak, % 92,6[2], Armeniar Eliza Apostolikoaren kideak dira, ortodoxoak.

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alaverdiko kupre-lantegia.

1991n, independentzia lortu zuelarik, Armeniako ekonomia alor nagusia industria zen; industria jarduera oso bizia eta modernoa zeukan, Sobietar Batasuneko kide zenean osaturiko plangintza zentraleko sistemari esker. 1992an barne produktu gordinaren % 46,3 hartzen zuen industriak, eta 1990ean langileen % 41ek ziharduen industrian lanean. 1990eko hamarkadan, ordea, arazo ekonomiko larriak bizi izan zituen Armeniak, 1991n Sobietar Batasunetik aldendu eta ekonomia zentralizatuak hondoa jo zuelako eta, Azerbaijanen kokatutako Karabakh Garaia lurralde armeniarrari buruz izandako gatazka etnikoaren eraginez blokeoa ezarri zitzaiolarik, ezin lortu zituelako industriarako behar zituen gasa eta petrolioa.

Dena dela, 1994. urterako Armeniako gobernuak Nazioarteko Diru Funtsarekin antolaturiko politiken bidez, onera egin zuen ekonomia egoerak; maileguez gainera, aipatzekoa da diasporak egiten zuen ekarpena. Armeniak inflazioaren igoera etetea lortu zuen, eta enpresa handi eta ertainak eta nekazaritzako lurrak pribatizatu zituen. Inflazioa % 10 jaitsi zen eta barne produktu gordina, berriz, % 6 igo. 1995etik aurrera ekonomia hazkundea nabarmena izan zen, eta sektore berriak indartzen hasi ziren (bitxigintza, turismoa, etab.), oraindik ere langabezia arazo handia zen arren.

2016an inflazioa % -0.4koa zen eta langabezia-tasa % 18,1. Zerbitzuen sektoreak BPGaren % 51,3 hartzen zuen, industriak % 29,1 eta nekazaritzak % 19,6 (2016ko zenbatespena). 2013an biztanleriaren % 32 pobreziaren atalasearen azpitik bizi zen[2].

Nekazaritza da herrialdeko hirugarren ekonomia jarduera aipagarriena; barne produktu gordinaren % 21,9 2014an eta langileen % 44,2 2008an[2]. Gai nagusiak garia, patata, tabakoa, barazkiak eta mahatsa dira. Hala ere ez dute ateratzen bertako beharrak asetzeko adinako uzta, eta kanpotik inportatu behar izaten ditu nekazaritzako gai asko. Dena dela, Azerbaijanen blokeoa eta Georgiako gerra zibila zirela medio, eta 1991n lurren pribatizazioa hasi izanaren ondorioz, ekoizpena igo egin zen 1990eko hamarkadaren hasieran.

Industria da Armeniako ekonomiaren bigarren jarduera nagusia: barne produktu gordinaren % 31,5 2014an eta langileen % 16,8 2008an[2]. Industrian ekoizten diren gai nagusiak meatzaritzatik ateratakoak (urrea, zinka, kobrea, zilarra) eta eskulanak (makina tresna, motorrak, kimika gaiak) dira. 1991n Azerbaijanek ezarri zion blokeoa zela eta, kalte handiak izan zituen: gas naturala, petrolioa eta beste energia batzuk lortzeko arazo larriak izan zituen Armeniak, eta horren ondorioz 1994an berriro zabaldu zen Armeniako zentral nuklear bakarra, segurtasun neurriak bete gabe, ordea.


Ekonomiaren bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armeniako ekonomiak aldaketa handiak izan zituen Sobietar Batasuna desegin ondoren. Sobietar garaian Armenia industria-sektore garatua zuen errepublika zen, eta makineria, ehungintza eta beste manufaktura-produktu batzuk ekoizten zituen, beste sobietar errepublika batzuetatik jasotako lehengaien eta energiaren truke.

Independentziaren ondoren, Armenia ekonomia planifikatutik merkatu-ekonomiara igaro zen. Nekazaritzaren pribatizazioa goiz egin zen eta erreforma ekonomiko zabalak ezarri ziren. Hala ere, 1990eko hamarkadaren hasieran ekonomiak gainbehera handia izan zuen, Sobietar Batasuneko merkataritza-harremanen desegitearen, 1988ko Spitakeko lurrikararen ondorioen eta Karabakh Garaiko Lehen Gerrarekin lotutako egoeraren ondorioz.

2000ko hamarkadan Armeniako ekonomiak hazkunde handia izan zuen. 2001etik 2007ra bitartean barne-produktu gordina urtero bi digituko tasetan hazi zen hainbat urtez.[40] 2008ko munduko finantza-krisiak, ordea, eragin handia izan zuen herrialdean, eta 2009an ekonomiak atzerakada handia izan zuen.

Armeniak lotura ekonomiko estuak ditu Errusiarekin eta Sobietar Batasuneko beste estatu batzuekin, baina Europar Batasunarekin ere merkataritza-harreman garrantzitsuak garatu ditu. Herrialdea Munduko Merkataritza Erakundeko kide da 2003tik eta Eurasiako Ekonomia Batasuneko kide 2015etik.[41]

Armeniako ekonomiaren ezaugarrietako bat atzerrian bizi den armeniar diasporaren garrantzia da. Diasporatik bidalitako diru-transferentziek herrialdeko ekonomiaren eta familien diru-sarreren parte esanguratsua osatu dute. Errusia izan da historikoki transferentzia horien jatorri nagusietako bat.

Meatzaritza Armeniako ekonomiaren sektore garrantzitsuenetako bat da. Herrialdeak kobre, molibdeno, urre eta beste mineral batzuen erreserbak ditu, eta mineralak eta metalak esportazio-produktu nagusien artean daude.

Turismoak ere gero eta garrantzi handiagoa hartu du. Armeniaren ondare historiko eta erlijiosoa, monasterioak, paisaia menditsuak eta Erevan hiriburua dira nazioarteko turismoaren erakargarri nagusietako batzuk.

Zientzia eta teknologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Fitxategi:Yerevan - Matenadaran (3016247198).jpg
Matenadaran, Erevanen, antzinako eskuizkribuen ikerketa- eta kontserbazio-zentro nagusietako bat.

Zientziak tradizio luzea du Armenian. Sobietar garaian Armenia ikerketa zientifikoaren eta goi-teknologiako industriaren gune garrantzitsua izan zen, bereziki fisikan, matematikan, kimikan, astronomian eta informatikan.

Armeniako Zientzien Akademia Nazionala herrialdeko ikerketa-erakunde nagusietako bat da. 1943an sortu zen, Armeniako Sobietar Errepublika Sozialistako Zientzien Akademia izenarekin, eta hainbat ikerketa-institutu biltzen ditu.[42]

Astronomiak leku nabarmena izan du Armeniako zientzian. Byurakango Behatokia 1946an sortu zen, Viktor Hambardzumian astrofisikariaren zuzendaritzapean. Behatokia nazioarteko astronomia-ikerketako zentro ezaguna bihurtu zen, izarren eta galaxien azterketan egindako lanengatik.

Matenadaranek —Mesrop Maxtots Antzinako Eskuizkribuen Institutuak— milaka eskuizkribu eta dokumentu historiko gordetzen ditu, eta armeniar kulturaren, historiaren eta zientziaren ikerketarako nazioarteko zentro garrantzitsua da.

XXI. mendean informazioaren teknologiak Armeniako ekonomiaren hazkunde-sektoreetako bat bihurtu dira. Softwarearen garapena, informazio-teknologien zerbitzuak, elektronika eta ingeniaritza teknologikoa garatu dira bereziki Erevanen.

Armeniako Gobernuak teknologia-sektorea ekonomiaren garapenerako lehentasunezko eremutzat hartu du. Herrialdean hainbat teknologia-zentro eta ekimen sortu dira, besteak beste Tumo Center for Creative Technologies, gazteei teknologia eta sormen digitaleko prestakuntza eskaintzen dien hezkuntza-zentroa.

Armenia Berrikuntzaren Indize Globalean sailkatzen da urtero; indize horrek munduko ekonomien berrikuntza-gaitasuna eta emaitzak neurtzen ditu.[43]

Armeniak ez du petrolio- edo gas natural-erreserba frogaturik, eta kontsumitzen duen gas gehiena inportatu egiten du. Gas naturalak pisu handia du herrialdeko energia-kontsumoan, eta etxebizitzak neguan berotzeko energia-iturri nagusia da. Gasaren zatirik handiena Errusiatik iristen da, Georgia zeharkatzen duen gasbide baten bidez.

Armeniak, hala ere, energia elektrikoa ekoizteko barne-baliabide garrantzitsuak ditu. Elektrizitatearen zati handi bat Metsamorreko zentral nuklearrak ekoizten du. Zentrala 1979an eraiki zen eta, sobietar osteko energia-krisi larriaren ondoren, haren erreaktoreetako bat berriro martxan jarri zen 1990eko hamarkadaren erdialdean.[44]

Energia elektrikoa zentral hidroelektrikoetan eta gas naturala erabiltzen duten zentral termikoetan ere ekoizten da. Azken horien artean daude Erevango eta Hrazdango zentral termikoak.

Iran-Armenia gasbideak beste hornidura-bide bat eskaintzen dio herrialdeari. Gasbidea 2006an hasi zen lanean eta 2007an inauguratu zuten ofizialki Irango eta Armeniako presidenteek.[45] Iranetik jasotako gasaren truke, Armeniak elektrizitatea esportatzen du Iranera.

Armenia itsasorako irteerarik gabeko herrialdea da; beraz, ez du itsas garraiorako azpiegiturarik. Herrialdeko garraioa errepide-, trenbide- eta aire-azpiegituretan oinarritzen da. Azerbaijango eta Turkiako mugen itxierak eragin handia izan du Armeniaren nazioarteko garraio-sarean, eta Georgia funtsezko igarobidea da herrialdearentzat.

Armeniako lehen trenbidea Errusiar Inperioaren garaian eraiki zen. Lanak 1895ean hasi ziren, eta lineak Tbilisi eta Gyumri lotu zituen; 1902an Erevaneraino luzatu zen.

Armeniako trenbide-sarea elektrifikatuta dago eta sobietar trenbide-sarearen zabalera erabiltzen du. 2008tik aurrera, herrialdeko trenbide-sarea South Caucasus Railway konpainiak kudeatzen du, Errusiako Trenbideak konpainiaren filial batek, emakida-erregimenean.[46]

Gaur egun Armeniaren nazioarteko trenbide-konexio operatiboa Georgiakoa da. Sobietar garaian trenbide-sareak beste lotura batzuk ere bazituen, baina Turkiako eta Azerbaijango mugen itxierak Gyumri eta Kars arteko lotura eta Azerbaijango lurraldetik igarotzen ziren beste lineak eten zituen.

Independentzia lortu ondoren Armeniak barneko errepide-sarea garatzeko hainbat proiektu abiatu ditu. Nagusietako bat Ipar-Hego errepide-korridorea da, herrialdearen iparraldeko eta hegoaldeko mugak lotzeko eta Armenia Georgia eta Iran arteko garraio-korridore bihurtzeko helburua duena.

Korridoreak Meghri, Kapan, Goris, Erevan, Ashtarak, Gyumri eta Bavra lotzea aurreikusten du. Proiektuaren helburuen artean dago Georgiako Itsaso Beltzeko portuetarako eta Irango garraio-sarerako sarbidea hobetzea.

Hiri-garraioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armeniako metro-sare bakarra Erevango metroa da. 1981ean inauguratu zen eta hiriburua iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du. Metroaz gain, autobusak eta bestelako errepideko garraio publikoak dira Armeniako hirietako garraiobide nagusiak.

Aire-garraioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdeko aireportu nagusia Zvartnots nazioarteko aireportua da, Erevanetik gertu. Nazioarteko beste aireportu nagusia Shirak nazioarteko aireportua da, Gyumrin. Armeniaren kokapen geografikoa eta lurreko nazioarteko konexioen mugak direla eta, aire-garraioak garrantzi berezia du herrialdearen kanpo-komunikazioetan.


Armenian hezkuntza-sistemak sustrai historiko luzeak ditu. Kristautasuna onartu eta armeniar alfabetoa V. mendearen hasieran sortu ondoren, monasterioak hezkuntza- eta kultura-gune garrantzitsu bihurtu ziren.

Gaur egungo hezkuntza-sistemak lehen, bigarren eta goi-mailako hezkuntza hartzen ditu. Hezkuntza publikoa doakoa da derrigorrezko hezkuntzan, eta armeniera da irakaskuntza-hizkuntza nagusia.

Armeniak alfabetatze-maila handia du. UNESCOren estatistiken arabera, helduen alfabetatze-tasa %99tik gorakoa da.[47]

Herrialdeko unibertsitate nagusietako bat Erevango Estatu Unibertsitatea da. 1919an sortua, Armenia modernoko lehen unibertsitatea izan zen.[48] Beste goi-mailako hezkuntza-erakunde batzuen artean daude Armeniako Unibertsitate Nazional Politeknikoa, Armeniako Unibertsitate Amerikarra eta Erevaneko Medikuntza Unibertsitate Estatala.

Armenia Bolognako prozesuaren kide da 2005etik. Horren ondorioz, herrialdeko goi-mailako hezkuntza Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruarekin bateratzeko erreformak egin dira.[49]

Armeniako osasun-sistemak aldaketa handiak izan zituen Sobietar Batasuna desegin ondoren. Sobietar garaiko sistema publiko zentralizatutik sistema mistoago batera igaro zen, zerbitzu publikoak eta pribatuak uztartuz.

Independentziaren ondorengo lehen urteetako krisi ekonomikoak eragin handia izan zuen osasun-sisteman. Ondoren, hainbat erreforma egin ziren lehen mailako arreta indartzeko, ospitale-sarea berrantolatzeko eta osasun-zerbitzuen finantzaketa aldatzeko.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, Armenian gaixotasun ez-kutsakorrak dira heriotza-kausa nagusiak; bereziki gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia eta diabetesa.[50]

Armeniako osasun-adierazleek hobera egin dute independentziaz geroztik, besteak beste haurren eta amen hilkortasunaren jaitsierari dagokionez. Hala ere, osasun-gastu pribatu handiak eta hirien eta landa-eremuen arteko zerbitzuetarako sarbide-desberdintasunak osasun-sistemaren erronken artean daude.[51]

Armeniar kulturak historia luzea du, eta Armeniar goi-ordokian garatutako tradizioez gain, hainbat zibilizazioren eragina jaso du. Antzinaroan kultura helenistikoarekin harremanetan egon zen, eta Erdi Aroan lotura estuak izan zituen bizantziar eta arabiar kulturekin. Kristautasunak eta V. mendearen hasieran Mesrop Maxtotsek armeniar alfabetoa sortzeak eragin handia izan zuten armeniar kultura idatziaren garapenean.

Geghard monasterioa.

Armeniar arkitekturaren adierazpen ezagunenetakoak elizak eta monasterioak dira. Harria izan da historikoki eraikin monumentaletan erabilitako material nagusietako bat. Erdi Aroan armeniar arkitektura erlijiosoak garapen handia izan zuen; Hagpat eta Sanahin monasterioak, X. eta XIII. mendeen artean garatuak, armeniar arkitektura erlijiosoaren adibide nagusien artean daude. UNESCOren arabera, bertako estiloak bizantziar eliza-arkitekturako elementuak eta Kaukasoko tokiko arkitektura tradizionalekoak uztartzen ditu.[52]

Armeniako beste bi multzo ere Gizateriaren Ondare dira: Geghard monasterioa eta Azat Garaiko harana, eta Etxmiadzingo katedrala eta elizak eta Zvartnotsko aztarnategi arkeologikoa.[53] XX. mendean, sobietar garaiko arkitektura eta armeniar tradizio arkitektonikoaren berrinterpretazioa uztartu ziren; Alexander Tamanian arkitektoaren lanek eragin berezia izan zuten Erevan modernoaren hirigintzan.

Armenieraz idatzitako literatura V. mendean garatzen hasi zen, armeniar alfabetoa sortu ondoren. Lehen literatura horretan historiografiak garrantzi handia izan zuen; garai hartako egile nagusien artean Khoreneko Moises eta Koriun daude. Erdi Aroko literaturan poesia eta literatura erlijiosoa nabarmendu ziren, eta Grigor Narekatsi izan zen garaiko egile garrantzitsuenetako bat.

Armeniar ahozko tradizioaren obra nagusietako bat Sasungo David epopeia da. Epopeiaren interpretazio-tradizioa UNESCOren Gizateriaren Kultura Ondare Immaterialaren Zerrenda Adierazgarrian sartu zen 2012an.[54]

XIX. mendean armeniar literatura modernoa garatu zen. Khatxatur Abovian, Raffi eta Hovhannes Tumanian izan ziren garai hartako egile nabarmenetako batzuk, Armenian zein armeniar diasporan.

Musika eta dantza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armeniar musikak tradizio herrikoia, erlijiosoa eta klasikoa biltzen ditu. Instrumentu tradizional ezagunenetako bat duduka da, mihi bikoitzeko haize-instrumentua, tradizioz abrikotondoaren zurez egina. Dudukaren musika UNESCOren Gizateriaren Kultura Ondare Immaterialaren Zerrenda Adierazgarrian dago 2008tik; aurretik, 2005ean, Gizateriaren Ahozko eta Ondare Immaterialaren Maisulan izendatu zuten.[55]

Armeniar musika modernoaren garapenean Komitas Vardapetek garrantzi handia izan zuen, herri-kantak bildu eta aztertuz. XX. mendeko konpositore armeniar ezagunenetako bat Aram Khatxaturian izan zen.

Dantza tradizionalen artean Kochari talde-dantza dago. UNESCOk 2017an sartu zuen Gizateriaren Kultura Ondare Immaterialaren Zerrenda Adierazgarrian.[56]

Arteak eta artisautza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armeniar artearen adierazpen historikoen artean miniaturagintza, freskoak, eskultura, metalgintza, zeramika eta ehungintza daude. Bereziki ezagunak dira khatxkarrak, harrian zizelkatutako gurutze-estelak. Khachkarren artea, sinbolismoa eta lanketa-teknika UNESCOren Gizateriaren Kultura Ondare Immaterialaren Zerrenda Adierazgarrian sartu ziren 2010ean.[57]

Armeniar miniaturagintzak garrantzi berezia izan zuen Erdi Aroko eskuizkribuetan. Alfabeto armeniarrarekin lotutako idazketa-arteak eta haren kultura-adierazpenek ere bizirik iraun dute; UNESCOk 2019an inskribatu zituen ondare immaterialaren zerrendan.[58]

Armeniar zinemaren erakundetze modernoa 1920ko hamarkadan gertatu zen. 1923an Armeniako Estatuko Zinema Batzordea sortu zen, eta hurrengo urtean Armenfilm estudioa sortu zen Erevanen. Hamo Beknazarianek zuzendutako Namus (1925) lehen armeniar film mutu luzeetako bat izan zen, eta Pepo (1935), zuzendari berarena, armenierazko lehen film soinuduna.

Armeniar jatorriko zinemagile ezagunenen artean Sergei Parajanov dago. Haren Granadaren kolorea (1969) filmak Sayat-Nova poeta eta musikariaren bizitza hartu zuen inspirazio-iturri.

Armeniar gastronomiak Kaukasoko, Ekialde Hurbileko eta Mediterraneo ekialdeko sukaldaritza-tradizioekin lotura estua du. Haragia, barazkiak, lekaleak, esnekiak eta ogia ohiko osagaiak dira, eta jaki tradizionalen artean dolma, khorovats haragi errea eta khash daude.

Lavasha armeniar sukaldaritzako ogi mehe tradizionala da. Irinez eta urez egindako orea luzatu eta tradizioz buztinezko labe koniko batean erretzen da. Elikagaia izateaz gain, gizarte- eta erritu-funtzioak ere baditu; ezkontzetan, adibidez, ezkonberrien sorbalden gainean jartzeko ohitura dago. Lavasharen prestaketa, esanahia eta itxura kultura-adierazpen gisa UNESCOren Gizateriaren Kultura Ondare Immaterialaren Zerrenda Adierazgarrian sartu ziren 2014an.[59]


Armeniar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Nagorno-Karabakh lurraldea kanpo

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 The World Factbook: Armenia cia.gov
  3. ↑ Hans Juergen-Zahorka. How Armenia Could Approach the European Union. LIBERTAS - Europaeisches Institut GmbH (kontsulta data: 2006-12-23).
  4. ↑ EUROPE AND ARMENIA. Inside Europe (kontsulta data: 2006-12-23).
  5. ↑ «L’Arménie devient membre permanent de la Francophonie» Les Nouvelles d'Arménie 2008-10-20.
  6. ↑ Armenia first nation to adopt Christianity as a state religion. .
  7. ↑ Geographic Characteristic of the Republic of Armenia. armstat.am.
  8. ↑ General Characteristic of the Republic of Armenia. armstat.am.
  9. ↑ (Ingelesez) Caucasus. Critical Ecosystem Partnership Fund (kontsulta data: 2026-10-04).
  10. ↑ (Ingelesez) Leopard conservation in Armenia. WWF (kontsulta data: 2026-10-04).
  11. ↑ (Ingelesez) Lake Sevan. Encyclopaedia Britannica (kontsulta data: 2026-10-04).
  12. ↑ (Ingelesez) Climate Change Knowledge Portal: Armenia. Munduko Bankua (kontsulta data: 2026-10-04).
  13. ↑ (Ingelesez) "Velvet Revolution" Takes Armenia into the Unknown. International Crisis Group 2018-04-26.
  14. ↑ (Ingelesez) Pashinyan elected as Armenia's new prime minister. BBC News 2018-05-08.
  15. ↑ (Ingelesez) Fighting over Nagorno-Karabakh goes on despite US mediation. Associated Press 2020-10-24.
  16. ↑ (Ingelesez) Joint statement on Azerbaijan's attack on Nagorno-Karabakh. Europako Parlamentua 2023-09-19.
  17. ↑ (Ingelesez) Azerbaijani forces strike Armenian-controlled Karabakh, raising risk of new Caucasus war. Reuters 2023-09-19.
  18. ↑ (Ingelesez) Roth, Andrew. (2023-09-19). Azerbaijan launches 'anti-terrorist' campaign in disputed Nagorno-Karabakh region. The Guardian.
  19. ↑ (Ingelesez) Russian-mediated ceasefire announced in Nagorno-Karabakh. Armenpress 2023-09-20.
  20. ↑ (Ingelesez) Ethnic Armenians accept Russia ceasefire plan after Azerbaijan offensive in Nagorno-Karabakh. CNN 2023-09-20.
  21. ↑ (Ingelesez) Moreno Ocampo, Luis. (2023-09-22). Call what is happening in Nagorno-Karabakh by its proper name. The Washington Post.
  22. ↑ (Ingelesez) U.S. secures strategic transit corridor in Armenia-Azerbaijan peace deal. Reuters 2025-08-08.
  23. ↑ Armstat:Provinces, area and population
  24. ↑ Beehner, Lionel. Nagorno-Karabakh: The Crisis in the Caucasus. Council on Foreign Relations (kontsulta data: 2011-01-11).
  25. ↑ «Population, total» World Bank Open Data (kontsulta data: 2026-07-22).
  26. ↑ (Ingelesez) Dattani, Saloni; Rodés-Guirao, Lucas; Ritchie, Hannah; Ortiz-Ospina, Esteban; Roser, Max. (2023-11-28). «Life Expectancy» Our World in Data (kontsulta data: 2026-06-26).
  27. ↑ «Mortality rate, under-5 (per 1,000 live births)» World Bank Open Data (kontsulta data: 2026-07-22).
  28. ↑ (Ingelesez) Office of the High Commissioner for Diaspora Affairs. Republic of Armenia (kontsulta data: 2026-10-04).
  29. ↑ Aragatsotn
  30. ↑ Tavush
  31. ↑ Kotayk
  32. ↑ Vayots Dzor
  33. ↑ Syunik
  34. ↑ Shirak
  35. ↑ Lori
  36. ↑ Gegharkunik
  37. ↑ Armavir
  38. ↑ Ararat
  39. ↑ Yerevan [Betiko hautsitako esteka]
  40. ↑ (Ingelesez) Armenia Overview. Munduko Bankua (kontsulta data: 2026-10-04).
  41. ↑ (Ingelesez) Armenia and the WTO. Munduko Merkataritza Erakundea (kontsulta data: 2026-10-04).
  42. ↑ (Ingelesez) National Academy of Sciences of the Republic of Armenia. Armeniako Zientzien Akademia Nazionala (kontsulta data: 2026-10-04).
  43. ↑ (Ingelesez) Global Innovation Index. Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundea (kontsulta data: 2026-10-04).
  44. ↑ (Ingelesez) Armenia energy profile. Energiaren Nazioarteko Agentzia (kontsulta data: 2026-10-04).
  45. ↑ (Ingelesez) Iran-Armenia gas pipeline inaugurated. Tehran Times 2007-03-20.
  46. ↑ «Railfaneurope.net, The European Railway Server» www.railfaneurope.net (kontsulta data: 2026-10-04).
  47. ↑ (Ingelesez) Armenia. UNESCO Institute for Statistics (kontsulta data: 2026-10-04).
  48. ↑ (Ingelesez) History. Yerevan State University (kontsulta data: 2026-10-04).
  49. ↑ (Ingelesez) Armenia. European Higher Education Area (kontsulta data: 2026-10-04).
  50. ↑ (Ingelesez) Armenia. Osasunaren Mundu Erakundea (kontsulta data: 2026-10-04).
  51. ↑ (Ingelesez) Armenia: health system review. European Observatory on Health Systems and Policies (kontsulta data: 2026-10-04).
  52. ↑ (Ingelesez) Monasteries of Haghpat and Sanahin. UNESCO World Heritage Centre (kontsulta data: 2026-10-04).
  53. ↑ (Ingelesez) Armenia. UNESCO World Heritage Centre (kontsulta data: 2026-10-04).
  54. ↑ (Ingelesez) Armenia – Elements on the Lists of Intangible Cultural Heritage. UNESCO (kontsulta data: 2026-10-04).
  55. ↑ (Ingelesez) Duduk and its music. UNESCO (kontsulta data: 2026-10-04).
  56. ↑ (Ingelesez) Armenia – Elements on the Lists of Intangible Cultural Heritage. UNESCO (kontsulta data: 2026-10-04).
  57. ↑ (Ingelesez) Armenia – Elements on the Lists of Intangible Cultural Heritage. UNESCO (kontsulta data: 2026-10-04).
  58. ↑ (Ingelesez) Armenia – Elements on the Lists of Intangible Cultural Heritage. UNESCO (kontsulta data: 2026-10-04).
  59. ↑ (Ingelesez) Lavash, the preparation, meaning and appearance of traditional bread as an expression of culture in Armenia. UNESCO (kontsulta data: 2026-10-04).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]